Mikel, goazen antzerkira!!!
Noiz edo noiz, gurasook gure seme-alabak antzerkia ikustera eraman dugu, baina kasu askotan ez da oso argi gelditu zein helbururekin, edo umeak eta gurasoak une dibertigarri bat pasatzera; edo umeak gainetik kentzeko ordubetez antzokira bidaliz gu poteatzera goazen bitartean, lehoietara botako bagenitu bezala; edo besterik gabe, “a ver unos payasitos” jakin eta axolatu gabe zer espektakulu mota den: antzerkia, magia, zirkoa, ipuinak,….
Askotan, antzokietan ikusten den panorama oso negargarria da; haurrak aurreko aldean jesarrita eta gurasoak atzeko aldean, etengabe hitz egiten, zarata egiten eta inolako errespetu izpirik gabe ez artistekiko, ez haurrekiko, ezta erabiltzen den hizkuntzarekiko, gure kasuan euskara izanik. Errespetu eta kultura eza izugarria adierazteaz gain, ez dezagun ahantzi haurrek daukaten eredurik hurbilena gurasoak direla eta ikusiko dutenaren arabera jokatuko dutela.
Beraz, gurasook, ikuskizun batera zoaztenean zuen seme-alabekin, zuek ere parte hartu, beraiekin jesarri eta ikusi. Itzali zuen telefonoak, ez erabili whatsappik, ez irakurri egunkaria, ez mintzatu ondokoarekin edota askaria atera eta jan. Izan zaitezte eredu!!!. Adi egon, azaldu haurrei espektakuluari buruzko zalantzak, murgildu, gozatu eta gero berarekin komentatu. Egizue proba… askoz hobeto pasatuko duzue eta zuen haurrek artea askoz gehiago baloratuko dute… eta zuek ere gehiago baloratuko zaituztete.
Koldo Zelestino