Azkenengo urteotan Bilboko Kafe Antzokian haurrentzako zein gazteentzako Antzerki Topaketak antolatu ditugu. Jadanik hamalau urte pasatu dira lehenengo Haur Antzerki Topaketak ospatu genituenetik eta esperientzia aberasgarria honen bidez ehunka haurrek egindako antzerki saioak ikusteko aukera izan dugu. Poliki poliki urtea aurrera joaten da eta konturatu gabe berriro haur eta gazte antzerki topaketak helduko dira!
Lumak, koroiak, ezpatak, hegoak, adarrak, horiek guztiak, Kafe Antzokiko eszenatokiaren gainean ikusiko ditugu egun horretan eta umeak, noski! Baina ez dira ume arruntak, deabruak, piratak, aingeruak, erregeak baita lapurrak ere badira. Fokoen argiari esker eta magia apur batekin gure eguneroko ume horiek, kaleetatik ikusten ditugunak edota klaseetan formal formal daudenak errege bihurtuko dira. Baina ez daude bakarrik, haien gurasoak, aiton-amonak baita beraien izeko osabak ere badaude. Publikoan daude jesarrita eta esan behar da haien presentzia ezinbestekoa dela antzerkia ez delako ezer publikorik gabe. Ez da inor falta haien irakasleak ere hurbiltzen direlako antzerki mundu honetan parte hartzeko; aktoreak eta publikoa, publikoa eta aktoreak betiko eta betirako bikotea.
Urduritasuna nabaritzen da, azkarrago hitz egiten dugu, baina amaieran primeran pasatzen dugu urte osoko lana plazaratzen dugulako.
Bilbo Hiria Irratian, Antzerki Topaketak antolatzen dituen Kurkuluxetako partaide bati egindako elkarrizketa entzuteko klikatu hemen