Adiskidetasuna zabalduz zinearen bidez

Kurkuluxetan elkarteak orain dela lauzpabost urte inguru zine pedagogikoaren ildoari ekin zion. Geroztik hona bi film ekoitzi genituen, biak, Ameriketako Kuba eta Venezuelako haurrekin batera jorratuak. Lehena, “Keinuka mugaz gaindi”, giza balioei buruzkoa eta bigarrena, “Dena ez da futbola”, berdintasuna eta adiskidetasunari buruz. Hasitako bidea ez da geldirik egon eta bi filmak munduko hainbat jaialditan aurkeztu dira, betiere, haur eta gazteei zuzendurikoak. Une honetan, hain zuzen, hain ospetsua den Kubako “Cine Pobre” delakoan bi ekoizpen pedagogiko hauek ematen ari dira. Halaber, Venezuelako Merida hiriko zine jaialdian aurkezteaz gain, estatu honetako zine komertzial guztietan ere emititzen ari da “Dena ez da futbola” filma, “Venezuela en corto” programaren barruan; hau da, pelikula komertzialak eman aurretik eskaintzen diren film laburren bildumaren programazioan.

Beraz, pozik egoteko arrazoiak egon badaude, hainbat herri eta naziotara hedatzeaz gain, ingelesera eta portugesera itzultzen ari delako venezuelarrekin batera eginiko ikus-entzunezkoa. Baina zalantza izpirik gabe, gu geu gehien astetzen gaituena hauxe da: alde batetik, beste egitasmo pedagogiko batzuk egiteko jaso ditugun animoak eta proposamenak; eta bestetik, herri horietan sorturiko adiskidetasun kimuaren loraldia. Edo beste era batean esanda, gure filmetan herrien arteko elkartasuna eta adiskidetasuna aldarrikatzen ditugunean ez gara hitz hutsez mintzatzen ari, baizik eta, praktikan jarritako dinamika erreal eta egingarri bati buruz hitz egiten ari garela. Hori dela eta, hainbat lagun ezagutu dugu eta haietariko askorekin “feeling” moduko bat sortu da, nolabait, klase interes berdinak adierazi ditugulako, nahiz eta kultura ezberdinetatik etorri. Izan ere, nazioarteko giza balioetan gordetzen diren edukiek norbanakoaren jarrera zehatz batzuk bideratzen dituzte eta sintonia berberean ibiltzera gonbidatzen gaituzte.

Heziketarako eskubidea, nagusiekiko errespetua, Herrien hizkuntza minorizatuen defentsa, pertsonen arteko berdintasuna eta beste hainbat ildo gizatiar, adiskidetasun harreman horietan islatzen dira.

 

Kontaktua

We're not around right now. But you can send us an email and we'll get back to you, asap.

Start typing and press Enter to search