“Dena ez da futbola” – “No todo es fútbol”, euskal eta venezuelar nazioetako haurrek egindako koprodukzioa da, eta bertan, beraien ikuspegitik begiratuta, futbolean sarritan gertatzen diren zenbait egoera azaltzen dizkigute, adiskidetasuna eta genero berdintasuna argumentuaren oinarritzat hartuta.
Bi Herri ezberdin, 7.000 kilometro baino gehiagok urrundutako bi kultura, eta aitzitik, haurren bidez, itsaso eta mugen gainetik dauden giza balioen inguruko hausnarketa egiteko zenbait mezu helarazten dizkigute.
Abizen berdina (Etxeberria)duten mutil venezuelar bat eta neska euskaldun bat baztertu egiten dituzte haien lagunek. Mutilaren kasuan, ustez, futbolean txarto jokatzen duelako; eta neskaren kasuan emakume izategatik. Internet bidez elkar ezagutzen dute eta norberari gertatzen zaiona elkarri kontatu ondoren, egoerari aurre egitea erabakitzen dute.
17 minutuko film labur hau “Kurkuluxetan” elkarteak ekoizten duen bigarrena da; aurrekoa “Keinuka mugaz gaindi” izan zelarik, Kubako haurrekin batera.
Ikus-entzunezko material pedagogiko berri hau burutzeko hainbat lagunen parte hartzearekin kontatu dugun bezala, erakunde publikoen laguntza eza ere jasan behar izan dugu.
Hala ere, hasiera batean zehaztutako helburuak bete egin ditugu, hots, ekoizpen kultural bat egitea; ekoizpen hori euskaraz egitea; material pedagogiko baliogarri bat sortzea balioak lantzeko, eta bi Herrien arteko adiskidetasuna bultzatzea.
Filmaren protagonistak hauek izan dira: Alaitz Zelestino, Iratxe Bernaola eta José Alejandro Jiménez
Bestetik, Zuzendaritza orokorra, Rita Naveira eta Koldo Zelestinoren eskutan egon da. Halaber, Venezuelan talde eragile bat egon da, zine munduan eskarmentu handikoa dena: Norma Courlaender zine zuzendaria, Alfredo Medina aktorea eta Edwar Guanipa ekoizlea.
Grabaketak Venezuela eta Euskal Herriko hainbat tokitan egin ziren (Igorren, Diman eta Coro hirian). Film honekin batera Unitate Didaktiko bat prestatu dugu,nolabait, pelikularen material osagarri gisa.
Estreinaldiak:
Euskal Herrian:
Estreinaldiak aldi berean daude programatuta bi kontinentetan. Izan ere, Urriaren 21ean (asteazkena), arratsaldeko 18,30ean, Igorreko Kultur Etxean lehenengo estreinaldiaren eguna izango da, eta bertan, besteak beste, Arratia eskualdeko zenbait alkate egoteaz gain (Igorre, Dima, Arantzazu, Lemoa, Artea, Areatza,…), ikastetxeetako zuzendari eta irakasleak, Igorreko institutuko ikasleak, Arratia futbol taldeko zuzendaritza eta jokalariak ere egongo dira. Halaber, Bilbon kokaturik dagoen Venezuelako Kontsula den Yolanda Torres Urbinaren presentziaz ere kontatuko dugu.
Venezuelan:
- Urriaren 27an, Coro hirian ospatuko den “IV. Muestra Audiovisual Latinoamericana y del Caribe para niños y niñas -Luces del Alba-“ jaialdian.
- Urriaren 30ean, Caracas hirian, CNAC-en egoitzan (Centro Nacional Autónomo de Cinematografía) eta bertoko hamar “Parrokietan” (Kultur Etxeak)
Halaber, Venezuelako zinema guztietan, pelikula komertzialen aurretik, “Dena ez da futbola”ren bertsio laburrago bat (13 minutukoa) proiektatuko da.
Eta ondoren, hainbat tokitara zabalduko da…Kolonbia, Kuba, Belgika, Katalunya…
Gaia lantzeko klikatu hemen: UNITATE DIDAKTIKOA DENA EZ DA FUTBOLA
GAZTELANIAZ: unidad didactica VENEZUELA
Filma denon eskuetara heltzea nahi dugunez gero, interneten zintzilikatuko da, nahi duenak jaitsi dezan.
Filmaren harrera:
Motxilaren umea” eta “Dena ez da futbola” Txileko Valaparaisoko XI. Festival de Cine y Derechos Humanos jaialdiko finalera heldu dira
“Dena ez da futbola” filmea Venezuelako Festival de Cortos Barquisimeto-n sailkatuta izan da.
“Dena ez da futbola” filma Boliviako “Kolibri” jaialdi eta Argentinako “Hacelo corto” jaialdietako finaletarako aukeratua izan da.
“Dena ez da futbola” filma Argentinako. Cuenca del Saladoko nazioarteko film laburren jaialdirako aukeratua”