Haurren euskalduntzea eta Bilboko Udala

Hizkuntzaren berreskurapena guztion ardura historikoa da: Jendartearena, elkarteena, ikastetxeena, senideena… eta instituzioena. Aldiz, Bilboko Udalaren jarrera ikusita, bestelakoa esatera bultzatzen gaitu. Azkeneko 30 urteotan Bilboko Udalak egin duen euskararekiko utzikeria lotsagarria eta iraingarria izan da. Eta datuak hortxe daude: euskarari dedikatzen dion aurrekontua oso ñimiñoa da (%3ra ez da heltzen, funtzionarioen soldata barne); kultur arloan programatzen dituen ikuskizunen artean, euskaraz buruturikoak %10era ez dira iristen; euskalgintzan dihardugun elkarteontzako diru-laguntzak gero eta murriztuagoak izateaz gain, jasotakoaren zati bat itzultzera behartzen gaituzte. Badirudi egindako lanak eta haur zein gazteen euskalduntzeari egiten diogun ekarpena bart gaueko oilarraren eztularen parekoa dela, alegia, instituzioak ez duela aintzakotzat hartzen. Une honetan, besteak beste, 900 ikasleri dramatizazio eskolak emateaz gain, giza balioei buruzko ko-ekoizpen bat sortu dugu Kubako haur eta bertoko haurren artean, 5.000 haurrek parte hartu dutelarik. Hau da, Bilboko Udalak antolatzeko gai ez dena, guk geuk egin dugu, batzuetan diru-laguntza eskasa jasoz edota inolako laguntzarik jaso gabe.

Baina kultur arlotik beste arloetara igaroko bagina zein da aurrez aurre daukagun panorama? Polikiroldegietako haurrentzako kirol jarduera gehienak erdara hutsez; udaletxe barruko zirkuitu administratiboak erdara hutsez,…etab.

Bilboko biztanle gehienon nahia gure seme-alabak euskaraz haztea den arren, Bilboko Udalak ez ditu behar diren baliabideak ipintzen, une honetan Hego Euskal Herriko hiriburuen artean, jarrera atzerakoiena mantentzen duena delarik. Horregatik, Bilborako Hizkuntza Politika bat sortzea eta indarrean jartzea ezinbestekoa eta premiazkoa da; eta horretan denok beharrezkoak gara: elkarteak, komunikabideak, eskolak,..baita Bilboko Udala ere. Bada garaia instituzio hau egunean ipin dadin, gaur egunera etor dadin eta daramatzan 30 urteko atzerapena gainditzeko. Bada garaia modernizatzeko. “Etorkizunak euskaraz egiten du”..baina Bilboko Udala, euskarari dagokionean, iraganean ainguraturik aurkitzen da.

Hortaz, elkarlanerako deia egin nahi dut lerro haietatik, baina batez ere, udalaren jarrera aldaketarako aldarria, seriotasunez eta konpromisoz har dezan, elkarrekin aurrera pausuak eman ahal izateko, eta itxaropenak eta ilusioak sorrarazteko; bestela, noizbehinkako ekitalditxo bat edota galeria aurrean “aurpegia zuritzeko” zenbait ikuskizun antolatzera mugatuko bagina, gureak egingo luke eta alferrik genbiltzake haurrekin , gazteekin edota helduekin egindako euskalduntze lan guztian. Sentimendu hau ez da nirea bakarrik, jende eta elkarte askorena baizik, baina batzuk ozen esatera ez dira ausartzen…ematen dieten diru-laguntza eskasa arriskuan jarriko ote dutelakoan… Euskaltzaleok batzeko garaia da, eta kritikak kiroltasunez hartu behar dira…eta onartu. Bilboko Udalak, ausardiaz jokatu eta esan eta ekin, ehingoz, Bai Euskarari!!….praktikan!!!

Koldo Zelestino

Recent Posts
Kontaktua

We're not around right now. But you can send us an email and we'll get back to you, asap.

Start typing and press Enter to search

alaitzitsaso