KURKULUXETAN KUBAN ERE BAI!!!
Otsailaren lehehengo hamabostaldian Kurkuluxetan elkarteko kide batzuk Kuba aldera abiatu ziren bi egitasmo burutzera. Alde batetik, “Zirtaka” antzerki taldearen eskutik “Zu eta ni, sudurluze bi” antzezlana, Kubako ekialdean urtero jorratzen duten “Cruzada Teatral Guantanamo-Baracoa” delakoan parte hartu zuten. Egitasmo honek jadanik 30 urte bete izan ditu eta bere helburua arte eszenikoak mendian zehar barreiaturik eta urrunduta dauden herri eta komunitateetara eramatea da. Horretarako, 32 egunez nazio ezberdinetako artistek haien ikuskizunak aurkezten dituzte bai ikastetxeetan nola herrietako plazetan. “Zirtaka” antzerki taldeko kideek, euskal ordezkaritza izanik, haien antzezlana eskaintzeaz gain, komunitateetako biztanleekin elkarbizitza partekatzeko aukera izan zuten, bertan islatzen den gizatasunaz gozatzuz eta ikasiz.
Honekin batera, bigarren egitasmoa burutu zuten, hau da, “Azken arnasa arte” filmaren aurkezpena Habanako Euskal Etxean. Filmaren edukiak bertaratutakoengan zirrara eragin zuen, bertan agertzen den gaia, alegia, euskal presoen urrunketaren aurrean haien adin nagusiko senideek jasan behar duten oinazea eta sufrimendua, gaur egungo errealitate gordina delako. Ondoren, publikoaren arteko solasaldi interesgarri bat sortu zen, hainbat zalantza, iradokizun eta argibide azalduz. Esan beharra dago Habanako Euskal Etxean 600 bazkide baino gehiago daudela eta Euskal Herritik iristen zaizkien berriak eta gaiak interes handiz hartzen diztuztela, film hau hartu zuten bezala.
Halaber, aipatu behar da bidaia honen bidez Santiago de Cubako “Moncada” eskola hiri ospetsuak eta Bilboko Urretxindorra ikastolak, aspaldian izan zuten harremana berretsi egin dutela , aurrerantzean egitasmo partekatuak burutuko dutelarik, haien arteko kolaborazioa eta elkarlana indartuz, bi Herrien arteko ezagutza handiagoa izango delakoan.