Bilboko euskararen erabilera haurren artean tamalgarria da. Ume gehienek haien ikasketak euskaraz burutu duten arren, haien arteko harremana, guraso eta haurren arteko harremana eta oro har, haien egunerokotasunean ager daitezkeen funtzio sozial guztietan ez dute euskara erabiltzen: kirol jardueretan, aisialdikoetan, zinea, watsapak, eta abar luze bat.
Arrazoiak oso ezberdinak dira baina errealitate gordin honen aurrean denok ardura garrantzitsua daukagu: gurasook, irakasleok, entrenatzaileok, begiraleok,… Ez dago euskal girorik, ez dago euskal erreferenterik haurrentzat, ez dira seriotasunez jarduera motibagarriak haur eta senideentzat antolatzen; baina aldiz, badago potentzialitate handi bat Bilboko biztanleen artean euskararen aldeko jarrera mantenduz. Eta indar, gogo eta harrotasun hori bultzatu, bideratu, batu eta aktibatu beharrean gaude.
Hori dela eta, “Kurkuluxetan” elkarteak, esparru ezberdinetako zenbait agente, profesional, irakasle eta euskaltzalerekin batera, dinamika berri bat jorratu nahi du datorren urritik aurrera bi fase ezberdinetan.
Lehenengo fasea Kontzientziazio kanpaina izango litzateke jai giroan murgildurik; eta bigarren fasea, etengabeko dinamika aktiboa, erakargarria, ulergarria, motibagarria eta eraginkorra izango litzateke.
Lehenengo Fasea: urriaren 23tik abenduaren 3ra
a) Ikuskizunak eta Kalejira:
*Urriak 23: “Txintxeta,Klipa eta Txorroskilo pailazoak” (“Hiru,bi bat, eskolara goaz” ikuskizuna). Kafe Antzokian
*Azaroak 6 : “Zu eta ni sudurluze bi” (“Zirtaka antzerki taldea) Kafe Antzokian
*Azaroak 20: “Maddi pirata” antzezlan musikala. Kafe Antzokian
*Abenduak 3: Kalejira Plaza Berritik hasita eta Kale Nagusian amaituta (17etan) (EINGO taldearekin); ondoren, Haur Jaialdia (18,30ean): Pailazoak, Yogurinha Borova, Disko Festa “Mugi Zaitez” taldearekin BBK Aretoan
*Ikuskizunen prezioa Kafe Antzokian: 5 €
BBK aretoan: 5 edo 8 € (alokairuaren arabera)
b) Ikastetxeetan landu beharrekoa:
- Abestia ikasi eta koreografia asmatu
- Marrazkia eta bertsoak “euskaraz bizi nahi dut” edota “Guk ere bai” leloarekin, ikastetxeko hormetan, ateetan eta kalean ipintzeko
- Zapiak landu (marraztu, leloak idatzi,..) kalejirara eramateko
- Sare sozialeetara igo egiten ari den guztia
- Kartelak ipini
Bigarren Fasea: urtarriletik aurrera
Esparru ezberdinetako pertsonez osaturiko talde zabala osatu ondorengo helburu honetara abiatzeko: “Zer egin Bilboko haurrak euskaraz bizi daitezen?”.
Horretarako era ezberdinetako ekimenak pentsatu, hausnartu, proposatu eta bultzatu beharko dira: kolektiboak, pertsonalak, jai girokoak, erreibindikatiboak, sinbolikoak, sakonak, eta abar luze bat
Hemendik aurrera fase berri eta luze batean sartuko ginatekeenez, euskararen aldeko jarrera baikorra duen pertsona oro, eta bereziki, haur eta nerabeekin harremana mantentzen duten taldeak, irakasleak, begiraleak, gurasoak, instituzioak, artistak, musikariak,…ezinbestekoak izango dira. Denok pertsonal maila funtzionatuko bagenu ere, haurren sektoreren batean eragia izatea interesgarria izango litzateke.
- Kartel bat, pegatinak eta kamisetak aterako dira
- Kalejira egiteko megafoniarekin irtengo gara.